Berdela eskabetxean
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Osagaiak
- 1,5 kg berdel, garbi eta zati ertainetan moztua
- Irina eta frijitzeko olioa
- 2 tipulin eder, zerrendatan moztuak
- 8 baratxuri xister, osorik
- Erramua, hosto fresko bat
- 10 koilarakada oliba olio
- Koilarakada bat piperrauts gozo
- Koilarakada erdia piperrauts min
- Litro erdia oliba olio birjina
- Litro laurdena sagardo-ozpin
- Litro laurdena ardo zuri
- Gatza
Errezeta
Berdelen kasuan, hoberena dugu puskak arrain-saltzaileak egitea. Gatza eman, irinetan azaletik pasa eta olio ugarian frijituko dugu berdela. Xukatu eta geroko gordeko dugu.
Kazola handi bat sutan jarri, koilarakada batzuk oliba olio isuri, tipulinak, porrua eta baratxuriak ipini eta, gatz pixka bat eman ondoren, su eztian edukiko dugu dena frijitzen, 10 bat minutuan. Piperrautsa eta erramua gaineratuko ditugu ondoren. Nahasi eta oliba-olio birjina, sagardo-ozpin eta ardo zuriaren txanda izango da hurren. Irakin eta beste 5 bat minutuan utziko dugu dena egosten, ozpinak indarra gal dezan. Sua itzali eta epeltzen utziko dugu ondoren eskabetxea. Une horretan kazolaratuko ditugu berdel puskak, lehor ez daitezen. Beste 5 bat minutuan edukiko ditugu berdel puskak su eztian, irakiten utzi gabe. Sutatik atera eta hozten utziko dugu ondoren guztia.
Hoberena dugu dena prestatu eta jakiari gutxienez 12 orduz epeltzen utzi ostean ohore egitea. Berdela behar bezala bustiko da ordurako zuku horretan. Patata egosi batzuk izan daitezke lagungarri ona: eskabetxearen barazki eta zukuarekin onduko ditugu, gatz pixka batekin.