Menua

Bakailao eta mahaspasa enpanada

  • Errezeta
  • Bidali iruzkina
  • Antzeko errezetak

Osagaiak

  • Kg bat irin
  • Ura, litro erdia inguru
  • 800 g gurin
  • 4 tipulin handi, zerrendatan moztuak
  • dl erdia oliba olio
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • 2 baratxuri-ale, pikatuak
  • 2 koilarakada bete perrexil xehatu
  • Gatza
  • 750 g bakailao, papurtua eta beratua
  • Eskukada bat Korintoko mahaspasa
  • Arrautza bat, joa

Errezeta

Orea egiteko: Gopor batean irina bahetu eta ura isuriko dugu xirripaka. Ore trinkoa lortu ondoren erantsiko ditugu 100g gurin. Ongi nahasiko dugu guztia. Pausatzen utziko dugu orea, ongi tapaturik, 25 bat minutuan.

Orearen hostorea egiteko: Orearen hostorea egingo dugu ondoren, 15 minutuko etenaldiak eginez eta oreari hiru bira bikoitz eraginez: hostorearen kasuan bezala, 700 g-ko gurin blokea barruan sartu eta adierazitako bira bikoitzak eragingo dizkiogu oreari. Film paperean bildu eta hozkailuan gordeko dugu ondoren orea. Gure enpanada prestatzeko, orearen erdia ere bideratu ahal izango dugu. Izozkailuan gordeko dugu beste erdia, ongi tapatuta. Beraz, hurrengoan betegarria baino ez dugu egin beharko.

Orea egiteko modu hau batere xamurra iruditzen ez zaienek, honako era errazago honen arabera egin lezakete proba: konfiantzazko okindegi batean kilogramo bat ogi-ore fresko erosiko dugu lehenik. Etxean dagoeneko, aski izango dugu orea gopor zabal batean egokitu eta, dl bat oliba olioa erantsi eta gero, nahastura ongi oratu, egoki batu arte. Une horretatik aurrera, segida emango diogu errezetari. Eskatzen hasiz gero, ogi-orea olioarekin ora diezagula eska diezaiokegu okinari, berak zikinduko ditu orduan eskuak.

Betegarria egiteko: Kazola zabal batean, olioa isuri eta su ertainean gozatuko dugu hartan tipulina, gatz pixka batekin. Kazola tapatu eta izerditan edukiko dugu ondoren tipulina su eztian, ordu eta erdian. Epe honen ostean erantsiko ditugu baratxuria eta perrexila, piperrautsarekin batean. Gatz-puntua neurtuko dugu ondoren: ez du horrenbeste behar, bakailaoaren txanda alaiagoa iritsiko baita ondoren.

Enpanada bukatzeko: Mahaia irinez igurtzi eta haren gainean zabalduko dugu orea, gozogileen arrabol batez. Bi zirkulu moldeatuko ditugu, 30 bat cm-ko diametroaz (handiagoa bata bestea baino) eta 3 mm-ko lodieraz. Geroko gordeko ditugu mozkinak. Labe-erretilu bat olio pixar batez igurtzi eta hartan zabalduko dugu zirkulu txikiena. Haren gainean ipiniko ditugu barazki erregosiak, geruza mehean, eta gainean bakailao papurtua, ongi xukatua, eta Korintoko mahaspasak. Zirkulu handiagoaz estaliko dugu bestea; ongi itxiko ditugu ertzak, ximikoan hartu eta barrualdera pittin bat goratuz. Txirikordatua edo geldituko zaigu ertz guztia. Tximinia moduko zulo bat irekiko dugu enpanadaren erdialdean, eta gai batzuk apainduko ditugu azalean, gordetako mozkinez. Kontu handiz joka dezagun; labearen lana ez eragozteko, fin-fin landuko ditugu mozkinak, gainerako atal guztiak bezala egin, gorritu eta txigortzeko. Enpanadak fin eta dotore behar du, alde guztietatik berdin egina, egin ondoan mehe eta hostoretsu egon dadin.

Labeko lana: Brotxa batez, arrautza joaz (edo oliba olio birjinaz) igurtziko dugu enpanadaren azala. Labean sartu eta 180º-ko tenperaturan edukiko dugu ordu betean. Epeltzen edo hozten utzi eta jan egingo dugu ondoren. Ez da hozkailuan sartzea komeni, bera-bera geldituko bailitzaiguke: itxura mamitsua eta zaporea galduko lituzke. Gogoan har dezagun beti enpanadaren hondoa ongi erre behar dela labean, gorri egon behar du: labearen hondoa oso bero dagoela erreko dugu, ahal izanez gero. Labe barruko aurreneko minutuetan gehiegi gorritzen bada, aluminio-paper batez bilduko dugu gainazal guztia, eta tenperatura apaldu. Erretzen segituko dugu enpanada, erabat eta egoki ondu arte.

 

Iruzkina bidali

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Azalore eta brokoli egosia

Azalore eta brokoli egosia bakailao eta olio errearekin

Azalore eta brokoli egosia bakailao eta olio errearekin –  Osagaiak Azalore eder bat Brokoli pare bat 4 baratxuri ale, xerratan moztuak 8 koilarakada oliba olio Ximiko bat piperrauts gozo Eskukada handi bat bakailao geza, beratua …

sukaldean-fondo0

Bakailao kokotxa freskoak irin-arrautzeztatuak

Osagaiak Kg bat bakailao kokotx fresko, azalik gabe Ximiko bat irin Arrautza joa Oliba olioa Gatza Errezeta Irinetan igurtziko ditugu multzoka bakailao kokotxak, soberakina erretiratuz. Arrautza jo eta hartan bustiko ditugu ondoren puskak. Padera batean …

sukaldean-fondo0

Bakailaoa tomatearekin

Osagaiak 4 bakailao solomo beratu, 200 g bakoitzak 4 baratxuri ale Tipulin bat, pikatua 6 tomate umo, pikatuak Xorta bat ardo zuri 12 koilarakada oliba olio Ximiko bat irin Errezeta Kazola batean 5 koilarakada olio …

Teilak Kakahuete teilak

Kakahuete teilak

Kakahuete teilak –  Osagaiak Kg erdia azukre Kg erdia kakahuete, pikatuak Litro laurdena arrautza zuringo Ximiko bat bainila-esentzia edo bainila-hauts Kakahuete teilak Errezeta Sutatik kanpo, hagaxka elektriko batez nahasiko ditugu gai guztiak eltze batean. Ore …

Banana tarta mahaspasekin

Banana tarta mahaspasekin

Banana tarta mahaspasekin –  Osagaiak Tarta molde bat, labean berotutako masa hautsi fin-finaz estalia, hotza 5 banana, zurituak, dadotan moztuak Korintoko mahaspasak, eskutada bat (sobera lehor baleude, zenbait orduz eduki beratzen Calvados-etan) Zurrusta bat Calvados …