Potxak galeperrekin
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Osagaiak
- 800 g potxa zuri, aletuak
- Tomate heldu bat
- Piper berde bat
- Tipulin bat erdibitua
- Oliba olio birjina, 2 zopa-koilarakada
- Ura eta gatza
- 8 galeper saltsan eginak
Errezeta
Potxak ongi garbitu eta eltzean jarri, eta gainetik bota ur hotza, bi hazbete potxen gainetik. Olio gordina gehitu, gatz pixka bat, tipulin erdibitua, piper berdea ongi garbituta eta haziak kenduta, eta tomatea ere osorik. Eltzea estali eta su ezti-eztian jarri.
Lehenbiziko irakin zantzuak hasi arte 25 minutu pasa behar dute gutxienez, eta irakiten hasten denean ezari-ezarian egon behar dute beste 25-35en bat minutuz.
Bitsa eta zikinkeria ur gainera aterako dira, eta kontu handiz kendu behar dira bitsadera batekin. Oso inportantea da su txikian irakitea, aleak ezari-ezarian egin daitezen, lehertu eta azala urratu gabe.
Denbora hori pasatutakoan, barazkia atera, tipulina, piperra eta tomatea eta sartu irabiagailuaren ontzian, egostean egindako salda pixka batekin batera, eta jarri potentziarik handienean. Irazki batetik pasatuz, gehitu hori dena potxa egosiei. Beste 15en bat minutuz eduki egosten su eztian, salda loditzen.
Potxak zopa-ontzi handi batera isuri eta saltsako galeperrak bero-bero lagun dituztela zerbitzatu. Galeperrak potxetan sartu eta batera zerbitzatzea ere badago, pausaldian atera zaien zukua gehituta. Gustu kontua da. Dena dela, potxak bikain gelditzen dira hegaztien saltsarekin.