Txokolate krema mamitua
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Txokolate krema mamitua –
Osagaiak
- 200 g txokolate ilun, kalitate onekoa
- Litro laurdena esne
- Litro laurdena esnegain urtu
- 4 arrautza gorringo
- 6 koilarakada azukre
- Koilarakada mutur bat kafe disolbagarri, nescafe modukoa
Txokolate krema mamitua
Errezeta
Kazola batean egosiko ditugu esnea, esnegaina eta nescafea, irakin arte. Gopor batean, azukrearekin batera joko ditugu arrautza gorringoak, ore krematsu bat lortu arte. Kazolako gaiekin nahasi eta su ezti-eztian edukiko dugu guztia berotzen, irakiten utzi gabe, eta zurezko espatula batez biraka eraginez gelditu gabe, lodi dadin. 10 bat minutuan egongo gara horrela. Oso garrantzitsua da ez irakitea.
Bitartean, txokolatea urtuko dugu gopor batean mikrouhinetan, indar apalenean, erre ez dadin. Adi egon beharra dago eta labeko atea maiz ireki, hori gerta ez dadin. Krema beroa urtutako txokolateari pixkanaka erantsi eta espatula batez nahasiko dugu ondoren. Lau ontzi zabaletan isuri eta ongi tapaturik edukiko dugu krema hozkailuan, pare bat orduan. Jan baino ordu erdi lehenago aterako dugu hozkailutik, hotzegi egon ez dadin. Gogoko izozkiren batekin jango dugu krema.