Pikillo piperrak zankarrez beteak
- Errezeta
- Bidali iruzkina
- Antzeko errezetak
Osagaiak
- Atzealdeko zankar bat, txekorrarena, salda egin eta aprobetxatzekoa
- Pikillo piperrak, 2 pote
- Baratxuri-buru bat
- Oliba olioa
- 4 tipulin eder, xehatuak
- 2 piper berde, zerrendatan
- Baratxuri ale bat, xehatua
- Tomate saltsa, litro erdia
- Gatza
*Lau pertsonentzat
Errezeta
Poteak ireki eta piperrek duten salda kendu. Zartagin handi batean jarri, hondoa ongi estaltzen dutela, baratxuri-buruaren ale libratuekin; aleak azal eta guzti, eta oliba olioz estalirik.
Su eztira hurbildu olioari burbuila zantzuak agertu arte, eta betiere sua ezti-ezti dagoela kontrolatuz. Horrela eduki ordu eta erdiz gutxi gorabehera, eta jiratu tarteka piperrak bi sardexkaz baliatuz, ziztatu gabe, bi aldeak konfita daitezen. Piperrek olioa uherrarazten dutela ikusiko dugu, eta konfitatu ahala gainaldeetan zuku karamelatuaren arrasto batzuk biltzen zaizkiela, Eta olioa garbituz doala pixkanaka. Orduan atera behar dira. Kontu handiz xukatu, ez puskatzeko, egindakoan oso erraz puskatzen baitira. Olioa gorde, beste batean piperrak konfitatzeko edo patatak frijitzeko. Utzi hozten.
Zartagin batean lehen erabilitako olio pixka bat jarri, eta jarri han piper berdeak, tipulina eta baratxuri xehatua eztiki frijitzen, gatz pixka bat emanda. Su eztian egiten utzi 30 minutuz, eta pixka bat gorritzen hasten utzi. Bitartean, zankarra xukaderan eduki, gero izpitu eskuekin, haritan edo puska txikitan.
Barazkia egindakoan, olioa kendu, berriro kazolan jarri eta zankar izpitua gehitu. Bat egin dadila, pixka bat eraginez, eta poliki irakiten eduki, isurtzen duen zukua murriztu arte. Gatz-puntua zuzendu. Hor dugu piperren betegarria.
Orduan, piperrak bete, kontuz, hautsi edo leherrarazi gabe. Horrelaxe uztea daukagu eta beroturik tomate saltsarekin mikrouhinen labean edo betiko labean salteatu edo arrautza-irinetan pasatu eta oliba olio bero-beroan frijitu. Eta gero, betiere, tomate saltsa beroan sartu.
Lehen aukera arin eta eramangarriagoa da, apika platerean zerbitzatzeko egokiagoa. Eta bigarrena, berriz, kaxuela tankerakoagoa da; gainera, piperrak arrautza-irinetan eginez gero, sendoago geldituko dira, eta betegarriak ez die nolanahi ihes egingo. Batera nahiz bestera, mahaira.

Romesco saltsa
Romesco saltsa – Osagaiak Tomate helduak, garbiak, osorik, 800 g Baratxuri-buru bat Hur txigortuak, 2 koilarakada Ogi koskor bat, txigortua 4 piper txorizero 12 koilarakada oliba olio birjina estra 2 koilarakada Xerezko ardo-ozpin Errezeta Tomateak …

Piperrada
Piperrada – Osagaiak 4 tipulin eder 6 piper berde Pikillo piperrak, pote bat 4 baratxuri ale 5 koilarakada oliba olio Tomate saltsa, litro laurden bat Gatza … Errezeta Kazola handi batean oliba olioa jarri. Tipulinak, …

Pikillo piperrak bakailaoz beteak
Pikillo piperrak bakailaoz beteak – Osagaiak 4 bakailao solomo pil-pilean eginak, beren saltsa eta guzti 2 piper berde, zerrendatan moztuak 4 tipulin eder, zerrendatan moztuak Baratxuri ale bat, xehatua Perrexil xehatua Pikillo piperrak, 2 pote …

Piper berde beteak entsaladan
Piper berde beteak entsaladan – Osagaiak 12 piper berde luze, ahalik eta leunenak (zimur gabeak) Oliba olioa frijitzeko 2 piper berde, luzetara moztuak 4 tipulin eder, zerrendatan moztuak Baratxuri ale bat Oliotan edo ozpinetan kontserbatutako …

Entsalada errusiarra
Entsalada errusiarra – Osagaiak 4 azenario 3/4 kg patata 3 arrautza Ilar fin-finak, pote txiki bat Artoa, lata txiki bat Hegaluze ongi hautatua, oliotan edo ozpinetan kontserbatua, puska bat 1/4l maionesa, norberak egina, ez oso …