Muskuiluak bexamelarekin oskolean frijituak
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Muskuiluak bexamelarekin oskolean frijituak –
Osagaiak
- 1,5 kg muskuilu
- Tipulin handi bat, pikatua
- 2 piper handi, pikatuak
- 2 baratxuri ale, pikatuak
- 2 bi tomate ertain umo, pikatuak
- Xorta bat ardo zuri
- Bexamel saltsa
- Oliba olioa
- Irina, arrautza joa eta ogi birrindua
- Gatza eta azukrea
Muskuiluak bexamelarekin oskolean frijituak
Errezeta
Ongi garbitu ondoren, ardo zuriaren lurrunean irekiko ditugu muskuiluak, kazola batean su gainean jarri ondoan. Hondoko zukua gorde eta xukatu egingo ditugu muskuiluak, mamia oskoletik aterata. Pikatu egingo dugu ondoren mamia. Muskuilu oskol eder sakonenak gordeko ditugu geroko.
Kazola zabal batean olioa isuri eta su ertainean eztituko ditugu, 10 bat minutuan, tipulina, piperrak eta baratxuria. Tomatea irauliko dugu ondoren, gatza eta azukre pixar batekin, eta 40 minutuan utziko dugu guztia gozatzen, murriztu eta saltsa azkar bat itxuratu arte. Orduan gaineratuko ditugu muskuiluen mami pikatua. Biraka nahasiko dugu guztia.
Banan-banan beteko ditugu saltsa honetaz muskuilu oskol guztiak, eta bexamel beroaz estaliko ditugu ondoren, koilarakada oparo bana emanez. Hozten utziko ditugu muskuilu beteak, ogi birrinduan pasatu ahal izateko. Hozkailuan sartuko ditugu.
Epe baten ostean, irin, arrautza eta ogi birrinduan igurtzi eta oliba olio ugari bero-beroan frijituko ditugu muskuiluak.