Xapo errea baratxuri-olioarekin
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Xapo errea baratxuri-olioarekin –
Osagaiak
- Xapo eder bat edo bi ertain, 4 lagunentzat, azalik, alboko hezurrik eta errairik gabe
- Baso erdia ardo zuri
- 6 koilarakada oliba olio
- 4 baratxuri ale, xaflatan
- 3 koilarakada sagardo-ozpin
- Perrexil xehatua
- Gatza
Errezeta
Gatza eman eta labeko erretilu batean paratuko dugu xapoa. Ardo zuria eta oliba olio pixka bat isuriko dugu ondoren. Aldez aurretik 180º-tan berotutako labean sartuko dugu, eta hantxe edukiko dugu 25 bat minutuan. Arrainaren zukuaz garaztatuko dugu aldiro-aldiro xapoa, alde mamitsuak erdiko hezurretik aise askatzeko moduan daudela ikusi arte. Heze egongo da beti erretiluaren hondoa, eta ura erantsiko dugu ardoa lurruntzen bada. Egizu kontu kilo bakoitzeko 15 bat minutu egin behar dituela arrainak labean.
Bukaera aldean, xapoa ia erre denean, zartagin batean olioa su bizian berotu eta baratxuri xerrak gorrituko ditugu hartan. Txigortu direnean, sagardo-ozpina eta arrain errearen zukuaren parte bat gaineratu eta irakiten edukiko dugu guztia segundo batzuetan. Erne zipriztinekin! Perrexila erantsi eta baratxuri-olio hori garaztatuko dugu erretiluan hezurrik gabe edukiko ditugun xapo solomoen gainean. Mahaira beldurrik gabe!