Txahal zankarra kazolan egina
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Txahal zankarra kazolan egina –
Osagaiak
- Txahal zankar bat, osoa
- 2 baratxuri-buru
- Xorta bat ardo zuri
- Oliba olioa
- Gatza
Errezeta
Harakinak presta dezala zankarra, ongi garbitua, zuntz, zurda edo gizenik gabe. Kazola ondo aukeratzea funtsezkoa da benetan. Tamaina egokia behar du izan, hauxe da, haragia osorik sartzeko modukoa, baina bazterretan hutsune handirik geratu gabe, haragi guztia berdin egin dadin eta egosiaren koipea erre ez dakigun. Gainera, estalkia behar du kazolak.
Has gaitezen, bada. Kazolan olioa oparo isuri eta sutan jarriko dugu, su bizian. Gatza eman eta zankarra sartuko dugu hartan, eta egiten utziko dugu ongi txigortu arte, alde guztietatik ongi gorritu behar baitu. Orduan erantsiko ditugu bi baratxuri-buruen aleak, azala kendu gabe. Ardo zuriaz busti, kazola estali eta sua ahal dugun guztia eztituko dugu ondoren. Bere zukuan egos dadin utziko dugu haragia, su eztian, beti ere estalirik, 20 minuturo edo zurezko zaliarekin eraginez. Likido gehiagorik ez dugu isuri behar, 2/3 ordu etengabe sutan edukitzen badugu xamur gelditu baita haragia.
Azkenean zuku pixar distiratsu bat geratuko da haragi puskari itsatsita, eta nabarmen murriztu izango da haragiaren neurria. Kazolatik atera, xerra lodietan zatitu, eta bere zukuan egindako baratxuriekin eta entsalada edo patata frijituekin aterako dugu mahaira.