Menua

Soufflea bizkor egina

  • Errezeta
  • Bidali iruzkina

Osagaiak

  • Xafla lodi bat gurin-bizkotxo, edo 2 esne-opil bitan zatituak
  • Izozkia, gogokoren bat
  • Xorta bat edari bizi edo likore, gogokoren bat
  • 3 arrautza zuringo
  • 2 arrautza gorringo
  • 2 koilarakada azukre-hauts

Errezeta

Labe-erretilu baten edo portzelanazko souffle-molde baten hondoan ipiniko dugu bizkotxo-xafla, edo opilak bitan zatituak. Aukeraturiko likoreaz oparo busti eta geure gogoko izozkia paratuko dugu ondoren haren gainean. Izozkia krematsua eta errazioa oparoa izan daitezela. Gopor batean, elur-punturaino joko ditugu arrautza zuringoak, gatz pixka bat eman ondoren, tinko eta harro utzi arte. Hagaxka erabiliko ditugu zuringoak jotzeko. Azukrea erantsi dugu ondoren, orea distiratsu gera dadin, eta arrautza gorringo joak nahasiko ditugu orduan merengearekin, espatula batez biraka eraginez, multzoak kolore horixka hartu arte.

Izozkiaren eta opilen edo bizkotxoaren gainean erantsiko dugu nahastura hau. Harro-harro geldituko zaigu. Labearen grilan jarriko dugu ondoren guztia, azaletik arin txigor dadin. Labetik ateratakoan, azukrea hautseztatuko dugu, eta berehala zerbitzatuko dugu ondoren. Sasi-sufle bat, jainkoen pare jarriko gaituena.

 

Iruzkina bidali

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude