Potxak urdeki guztiekin
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Osagaiak
- 800 g potxa zuri, aletuak
- Tomate heldu bat
- Piper berde bat
- Tipulin bat erdibitua
- Oliba olio birjina, estra, 2 zopa-koilarakada
- Ura eta gatza
- Txorizo fresko bat
- Txerri saiheskia, puska bat
- Urdaia, puska bat
Errezeta
Kazola handi batean saiheskia eta urdaia jarri, ura gehitu eta su bizian egin ordubetez. Txorizoa sartu saiheskia eta urdaia egiten ari diren azken 25 minutuetan, txorizoa lehendik sardexka batez alde guztietatik ziztaturik, leher ez dadin. Ateratzen den salda zopatarako gorde dezakegu, koipea ongi kenduta, edo potxak egosten hasteko, ur pixka bat gehituta.
Potxak ongi garbitu eta eltzean jarri, eta gainetik bota ur hotza eta muturrak egostean gelditu den salda (baina hotza, oso inportantea), bi hazbete potxen gainetik. Olio gordina gehitu, gatz pixka bat, tipulin erdibitua, piper berdea ongi garbituta eta haziak kenduta, eta tomatea ere osorik. Eltzea estali eta su ezti-eztian jarri. Lehenbiziko irakin zantzuak hasi arte 25 minutu pasa behar dute gutxienez, eta irakiten hasten denean ezari-ezarian egon behar dute beste 25-35en bat minutuz. Bitsa eta zikinkeria ur gainera aterako dira, eta kontu handiz kendu behar dira bitsadera batekin. Oso inportantea da su txikian irakitea, aleak ezari-ezarian egin daitezen, lehertu eta azala urratu gabe.
Denbora hori pasatutakoan, barazkia atera, tipulina, piperra eta tomatea, eta sartu irabiagailuaren ontzian, egostean egindako salda pixka batekin batera, eta jarri potentziarik handienean. Irazki batetik pasatuz, gehitu hori dena potxa egosiei. Beste 15en bat minutuz eduki egosten su eztian, salda loditzen.
Erretilu batean jarri saiheskia eta urdaia, txorizo zatiekin. Bota potxak gainera eta lagungarri gisa jarri ozpinetako piperminak, xukaturik, eta oliba olio birjina bereziaz eta gatzez gobernaturik.