Patxarana
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Patxarana –
Osagaiak
- Basaran freskoak, onduak, kilo bat
- Patxarana egiteko anis berezia, 3 litro
- Kafe ale batzuk
…
Errezeta
Ongi garbitu basaranak, uretan, gero lehortu eta hurrena bidoi edo bonbila handi batean sartu. Ondoren anisa isuriko dugu bidoira eta kafe aleak sartu. Ongi estalita egon dadila hiru hilabetean, baina noizean behin astindu bat eman lurrinak eta kolorea ongi banatu eta zabaldu daitezen, denean berdin.
Norberaren gustua zein den eta bakoitzak nolako pazientzia duen, horren arabera denbora gutxiago edo gehiago edukiko dugu beratzen. Denborarekin asmatzea, horixe da kontua. Batzuek kanela txotxa gehitzen diote, pixar bat, edo limoi edo laranja azala.
Ez da komeni denbora sobera ere uztea basaranak beratzen, patxarana sobera ez iluntzeko, eta botilatzen badugu ona izaten da botilan basaran ale batzuk sartzea, ez gehiegi betiere. Sobran ditugun basaranekin marmelada goxo-goxoa egin dezakegu. Patxarana sobera zahartzea ere ez da ona, kolorea eta, are garrantzitsuagoa, fruta-zaporea galtzen baitu.
Hobe da p a t x a r a n a fresko samar egotea edo izotz puska batzuekin edatea. Ez dezagun ahaztu, dena dela, gozoa izan arren eta aise sartzen bada ere, sekulako atxurra uzten duela gehiegi edanez gero. Patxaranaren mozkorraren biharamunean, bestondoan, nahiago du edozeinek tximu-pixa edan patxaran xorta bat baino, traidorea baita maiz. Nik bezain ongi dakizue denok.