Eperra saltsan
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Eperra saltsan –
Osagaiak
- 8 eper, lumatuak, errairik gabe eta garbiak
- Litro eta erdi ardo zuri
- Zorrotada bat Xerezko ozpin
- Zorrotada bat brandy
- Zorrotada bat oliba olio
- 2 tipulin, pikatuak
- Tomate bat, pikatua
- Azenario bat, pikatua
- Eskukada bat perrexil zurtoin
- Baratxuri-buru bat, osorik eta garbi
- 8 ale piperbeltz
- Ezkaia, adaxka bat
- Ura
- 5 koilarakada oliba olio
- 100 g gurin hotz
Eperra saltsan
Errezeta
Ongi sartuko diren kazola batean jarriko ditugu eperrak, mokoz behera. Haien gainean ipiniko ditugu tipulinak, tomatea, azenarioa, perrexil-zurtoinak, baratxuriak, piperbeltza eta ezkaia, eta olio, ozpin eta ardo zorrotadak isuriko ditugu ondoren. 12 orduz edukiko dugu guztia hozkailuan, ukitu gabe.
Epe horren ostean, isurkariaren erdia erretiratu eta beste hainbeste ur erantsiko dugu. Estali eta su ezti-eztian jarriko dugu kazola, eperrak xamur gelditu arte, hau da, 90 bat minutu igaro arte. Eginak dauden frogatzeko, hankek xamur egon beharko dute (hatzez sumatuko dugu hori).
Egosi eta gero, kazolatik aterako ditugu eperrak, eta egoste-saldatik bereiziko ditugu barazkiak. Saldari erantsiko diogu aurreneko marinadatik gorde dugun erdia. Saltsa maneatzeko, su ertainean jarriko ditugu barazkiak potxatzen, 5 koilarakada oliba oliotan, ongi izerditu eta ilun gelditu arte. Hiru aldiz erantsi eta urrituko dugu marinadaren salda. Turmixean xehatu eta, txano batetik irago ondoan, koilarakada handi bat kakao hauts eta zorrotada bat brandy erantsiko ditugu. Irakiten jarriko dugu guztia eta, irakinari eta hagaxkaz jotzeari utzi gabe, 100 gramo gurin hotz erantsiko dugu.
Bitan zatituko ditugu eperrak luzeran, guraize batzuen bitartez. Eperren gainean iragaziko dugu ondoren saltsa, eta ordu erdian edukiko dugu guztia irakiten. Gatz-puntua neurtu, zuzendu eta mahairako prest edukiko ditugu eperrak.