Bexamel saltsa 1
- Errezeta
- Bidali iruzkina
Bexamel saltsa 1
Osagaiak
- 50 g gurin
- 70 g irin
- Esne irakina, litro bat
- Gatza eta piperrauts eho berria
Errezeta
Saltsa honekin krema fin-fina egin daiteke lasagna edo kaneloi batzuk estaltzeko, baita betiko kroketak irin-arrautzatan egiteko orea ere. Saltsari ematen diogun loditasuna eta trinkotasuna da kontua. Beraz, zerorrek erabaki zenbat irin eman, edo zenbat denboraz eduki sutan, luzaro egosiz gero bexamel lodiago eta goxoagoa aterako baita.
Gurina kazola batean urtu eta irina erantsi. Su ezti-eztian jarriko dugu minutu bakar batzuetan. Kasu eman, gero, ez dadila itsatsi kazolaren hondoan. Gurinaz egositako irin honi sukaldari dotoreenek “roux” deitzen diote. Geroago pixkana-pixkana aurretik egositako esne bero-beroa gehituko diogu. Hasieran lodi samarra geldituko da saltsa, baina, esnea erantsi arau, mehatuz joango da bexamela. Irakiten utzi, eragitetik gelditu gabe, su hagitz motelean, hondoan itsatsi ez dakigun, hamar bat minutuz. Krema arina edukiko dugu, aski leuna eitean. Piperrautsa eman. Esnearen parte baten ordez esnegain likidoa jar genezake, bexamela are urintsuagoa eta goxoagoa izateko.
Kroketak egitea bada gure asmoa, irin gehiago jarriko dugu eta gainera, roux-ari erantsi aitzin, gurinetan tipula pixka bat eta urdaiazpiko puskatxo batzuk edo haragi pikatu pixka bat frijituko dugu su ezti-eztian. Hondarrean arrautza egosi xehatua eta perrexila ere eransten ahal dizkiogu.